Baiona-Donibane Garazi trenbideko bidaiariak gero eta gutxiago dira. Gehienak turistak edo soberan denbora gehiegi duten bertakoak dira.
Aintzieko garaiak ezberdinak izan ziren. Baiona-Donibane Garazi Nafarroa Behereko bizkarezurra bilakatu zen, baratzetako eta Nafarroa Behereko meategi eta lantegietako ekoizgaiak Baionara eroateko garraiobide garrantzitsuena baizen.

Gure beste trenbide batzuetan gertatu bezala, Urolako trenbidean esaterako, Baiona-Donibane Garazi ireki zenetik ez du ia inbertsiorik jaso. Meategietara joateko adarra itxi zen, geltokiak langilerik gabe utzi ziren edo ixten joan dira, 2004.urtean zama-garraio trenak kendu zituzten… eta Nafarroa Behereak ekonomi lehiakortasuna galdu eta errepideak hobetu ahala trenbidea galzoriak gelditu zen. Frantziako burdinbide eredugarrien txanponaren beste aldea da linea hau. Hondarrezko ordulari baten moduan egunez-egun bidaiariak galtzen dituen trenbide honen erabilpenaren aurkako azkenengo kolpea orain urte bat abiaduraren moteltzeko erabakia izan zen. Azpiegituraren egoera txarra dela eta, segurtasun arrazoiengatik 70km/orduko abiaduratik 50km/orduko abiadurara igaro da tren txiki hau (40km/orduko bero handia egiten baldin badu), Donibane Garazitik Lapurdiko hiribururainoko bidaia 50 minutuetatik 75 minutuetara motelduz. Honek Baionatik irten edo horra iristen diren trenekin zuen lotura galtzea ekarri du, besteak beste.

Inbertsio ezaren ondorio, azpiegituraren egoera kaxkarraren islada, joan den ekainaren 3an katenaria jauzi eta bost egun geroago trenbidea itxi egin zuen SNCFk. Trenbidea ordezkatuz Donibane Garazi Baionarekin lotzeko 80 minutu behar dituen autobus zerbitzua ipini da habian.

Behinbehineko itxiera hau aprobetxatuz RFFak (Frantziako ETS moduko erakundea) trenbidea aztertu eta honen bideragarritasuna ikertuko du. Gaur 18:30tan trenbidea berriro irekiko dela adierazu du SNCFk.

Ipar Euskal Herriko erakundeek trenbidea goitik behera konpondu eta ganorazko distantzia txikietako trena garatzeko eskatzen dute, modu honetan BABko auto-ilarak sahiestu eta kutsadura maila jeisteko.

Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorra esaterako trenbidea berritzeko sinadurak jasotzen ari da eta hainbat kontseilari ere RFFko arduradunekin bildu izan dira. Halaber, hurbileko trenbide programa bat garatzeko asmoa erakutsi du Kontseilu Orokorrak, Baiona-Donibane Garazi linea herrialdeko trena bilakatuz (Topoaren modukoa esaterako) eta garraio ezberdinetarako balio duen txartel bakarra proposatuz, nahiz eta Frantzian azkenengo hitza trenbide arloan Estatuak duen.

Akitaniako presidente Alain Roussetek ere trenbidea berritzeko eskatu dio Estatuari. Bere konpetentziakoak diren geltokietan (geltokiaren izena euskaraz eta frantsesez adierazten dituztenak) Akitaniak hainbat berrikuntza egin ditu azkenengo urteetan, hala nola Kanbo eta Donibane Garaziko geltokiak berriztatu eta tren berri bat eskeini.

Estatuak trenbidea mantentzeko bere lana behar-bezala egiten ez badu, trenbidea biziraupenerako Akitania eskualdeko gobernuak kontzesio bat egiteko prest dagoela ere adierazi du, baita mugaz bestaldeko entrepresa edo erakunderen batekin ere.

Euskal Herrian egoera berdinean aurkitu dira Urola eta La Roblako trenbideak. Lehenengoa goitik behera berriztatzeko asmoarekin itxi zen, nasa eta plataforman hainbat inbertsio egin, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ospatu eta gobernu aldaketa gertatu bezain azkar bertan behera gelditu zen. Gaur egun ez da ia trenbidean arrastorik geratzen eta noizean behin hau berriro irekitzeko asmoak entzuten dira.

La Roblako trenbidea berriz, FEVEren konpetentziakoa, hain egoera kaxkarrean aurkitzen zen itxi egin behar izan zela bidaiarien segurtasuna ere jokoan baizen. Urte batzuetan zear berritzen aritu eta gero gaur egun Bilbo eta Leon lotzen dituen trenbidea arrakasta handikoa da, batez ere turismo aldetik.

Artikulu hau laguntzen duten argazkiak Fernando Agirrek egin ditu eta Tranvia.org ataritik jasotakoak dira bere baimenarekin.

Ikusi ere: De Donostia a Donibane-Garazi, excursión BML-2007